Astelehenean zabalduko da HIK HASIren urte osoko formazioetako izen-ematea

Astelehenean zabalduko da HIK HASIren urte osoko formazioetako izen-ematea

2023-2024 ikasturteari begira, urte osoko hiru formazio eskainiko ditu HIK HASIk: Lehen Hezkuntza Eraldatzen (Aritz Larretaren eta Alvaro Beñaranen koordinaziopean), Jirafaren hizkuntza (Nerea Mendizabal Komunikazio Ez-Bortitzeko formatzailearekin) eta Psikomotrizitate erlazionala (Mapi Urresti psikomotrizistarekin). Datorren astelehenean, apirilak 3, izen-ematea zabalduko da.

Hezkuntza eragileak ez daude ados matrikulazio prozesuarekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Hezkuntza eragileak ez daude ados matrikulazio prozesuarekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

2023-2024 ikasturterako matrikulazio prozesuan berrikuntzak sartu ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2 urteko haurren onarpen prozesurako: diru publikoz lagundutako ikastetxe guztiek leku kopuru jakin bat gorde beharko dute haur zaurgarrientzat. Neurri honekin ikasleen banaketa orekatuagoa lortu nahi da.

Behin-behineko zerrendak argitaratu ostean, hezkuntza eragileek euren desadostasuna adierazi dute. EHIGEk aurretik adierazia zuen neurriak ez zitzaiela “oso eraginkorrak” iruditzen, eta argi daukate “neurri horiek ikastetxe publiko kohesionatuak lortzeko eta eskola publikoaren perimetroa handitzeko” ez dutela balio. EHIGEk dio Hezkuntza Saila ez dela araudia betetzen ari, “lekuak egon arren, barematzen ari direlako”. Hau da, eskola batzuetan lekua egon arren, beste leku batzuetara bideratzen ari direla salatu dute.

Ikastolen Elkarteak eta Kristau Eskolak ikasleen banaketa egiteko erabili diren irizpideen inguruko gardentasun falta salatu dute. Ikastolen Elkarteak ikastetxe guztiek matrikulaziorako baldintza berak izatea exijitzen du, “eta hori gertatzen ez den bitartean, ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dugu, eta ondorioz, ez ditugu beste zentro batzuetara bideratuko”.

Eragileek, haserrea adieraztearekin batera, familiei laguntzeko asmoa agertu dute, eta helegiteak egiten lagunduko diete.

Eragileek familiak helegiteak egitera bultzatu dituzte.

Kultur eragileek sinadura bilketa hasi dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza lege berriak euskarazko kulturgintzaren transmisioa berma dezan

Kultur eragileek sinadura bilketa hasi dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza lege berriak euskarazko kulturgintzaren transmisioa berma dezan

Hainbat kultur eragilek eta kolektibok EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektua aztertu, eta, euskal kulturaren transmisioa ardatz hartuta, irakurketa kritikoa egin zuen iaz, baita irakurketa hori elkarrekin publiko egin ere (2022ko ekainaren 15ean eta abenduaren 10ean). Orain, Kultur eragileek sinadura bilketa hasi dute EAEko Hezkuntza Legeak kultur transmisioa berma dezan eskatzeko eta horren berri emateko bideo bat egin dute: “Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria apirilaren amaieran edo aurreraxeago erregistratuko da, eta Legebiltzarrean eztabaida abiatzen den garairako, kultur eragileon artean egin dugun irakurketa kritiko horren aldeko atxikimenduak bildu nahi ditugu, aipatu Legebiltzarreko eztabaida horretara euskal kulturaren transmisioaren eta kultur hezkuntzaren auzia eraman ahal izateko, ahalik eta babes handienarekin. www.kulturgintzan.eus gunean dugu irakurketa kritiko hori, baita eginiko agerraldien zein elkarrizketa batzuen berri ere”

San Fermin ikastolaren praktika gogoetatsua ezagutuko dugu HIK HASIren Lehen Hezkuntzako jardunaldian

San Fermin ikastolaren praktika gogoetatsua ezagutuko dugu HIK HASIren Lehen Hezkuntzako jardunaldian

Hobetzeko prest! jardunaldian Iruñeko San Fermin ikastolaren praktika ezagutuko dugu. Ikastetxe osoari begirako eraldaketa prozesua egin du Iruñeko San Fermin ikastolak, Huheziren laguntzarekin, irakaslearen praktika gogoetatsua ardatz hartuta. Jordi Mateu Zoritak  eta Huheziko Karmele Perez Lizarraldek ere parte hartuko dute jardunaldian. Nolako Lehen Hezkuntza behar dugu? galderari erantzungo dio bere hitzaldian Mateuk eta Perez Lizarraldek Irakasleen prestakuntza gogoetatsua, hezkuntza hobetzeko giltza hitzaldia eskainiko du. Jardunaldia EHUren Donostiako campusean izango da. Izen-ematea zabalik dago apirilaren 14ra arte.​​​​​​

Hezkuntza Plazarak ahalik eta Hezkuntza Lege onena edukitzeko plan bat proposatu du

Hezkuntza Plazarak ahalik eta Hezkuntza Lege onena edukitzeko plan bat proposatu du

Laster aurkeztuko dute Eusko Legebiltzarrean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria, eta horren aurrean, Hezkuntza Plazarak ahalik eta Hezkuntza Lege onena edukitzeko plan pilotu bat proposatu du, legea garatzearekin batera agenda berri bat martxan jarriko duena. Larunbatean egin zuten agerraldia Donostian.

“Lege proposamenak Hezkuntza Akordioaren filosofian oinarritu behar du”, bergogorazi dute, “gure hezkuntza sisteman beharrezkoa den jauzia emango badugu”. Jauzi horren muinean hiru ardatz garatu behar direla uste du Hezkuntza Plazarak: ikastetxeetako hizkuntza proiektuak, herrietako hezkuntza proiektuak eta euskal curriculumaren eguneratzea.